Mondragon Assemblyk euskararekiko konpromisoa berretsi du: Goi Mailako Bikain Ziurtagiria lortuz
Kooperatibak Goi Mailako Bikain Ziurtagiria lortu du bere 25 urteko ibilbidea ospatzearekin bat.
Mondragon Assemblyk Goi Mailako Bikain Ziurtagiria jaso du, euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketaren normalizazio maila egiaztatzen duen aitortzarik gorenena. Azaroaren 11n egindako ebaluazioan, kanpo-ebaluatzaileek 1000 puntutik 900 puntu eman zizkioten, kooperatibak hizkuntza propioarekiko duen konpromiso irmoaren isla gisa.
Ziurtagiria lortzeko prozesua urte hasieran abiatu zen. Kooperatibako arduradunei egindako elkarrizketen bitartez, diagnostiko-txostena osatu zuten, eta hainbat hobekuntza arlo identifikatu zituzten, hala nola enpresaren irudia, marketina eta bezeroekin harremana, barne-komunikazioa, kanpo-komunikazioa, pertsonen kudeaketa eta Euskara Planaren kudeaketa.
Mondragon Assemblyko kideak BIKAIN Ziurtagiriarekin
MONDRAGON Taldearen ordezkariak BIKAIN ziurtagiriarekin
Azaroaren 11n, kanpo-ebaluatzaileek kooperatibaren egoera aztertu zuten, eta jasotako txostenean indarguneak eta hobetzeko arlo nagusiak zehaztu ziren, etorkizunera begira gako garrantzitsuak identifikatuz.
25 urteko ibilbidearen aitortza
Lorpen honek are balio bereziagoa du, Mondragon Assemblyren Euskara Planaren 25. urteurrenarekin bat egiten baitu. “Mende laurden geroago, harro esan dezakegu euskara ez dela soilik hizkuntza bat; gure izana, gure identitatea eta gure berezitasunaren sinboloa da. Euskarak gure erroekin lotzen gaitu, eta, aldi berean, gure nortasuna indartu eta etorkizunerako bidea marrazten digu, kultura-aniztasunarekiko eta tokiko aberastasunarekiko konpromiso irmoarekin” dio Izaro Aretxagak, Mondragon Assemblyko Euskara Batzordearen koordinatzaileak.
Mondragon Assemblyrentzat euskara ez da soilik komunikatzeko tresna bat; bere identitatearen eta berezitasunaren ardatz nagusia da, eta kultura lokalarekiko eta hizkuntza-aniztasunarekiko duen konpromisoaren erakusle garbia. “Lanean jarraituko dugu, bide honetan ikasitako guztia baliatuz, lortutako emaitzak sendotzeko eta urrats berriak egiteko. Izan ere, Mondragon Assemblyn sinesten dugu euskara sustatzea, normalizatzea eta babestea ez dela soilik erantzukizuna, gure izatea definitzen duen eta bakarrak egiten gaituen konpromisoa baizik” amaitzen du Izarok.