Albisteak

Mondragon Assembly, urteko ETEa “Euskadi Avanza” sarien laugarren edizioan

23 otsaila, 2021

Kooperatiba bere enpresa ibilbideagatik eta pandemiari aurre egiteko iaz erakutsitako konpromisoagatik saritu zuten.

Atzo, otsailaren 22an, Bilboko Guggenheim Museoan, Euskadi Avanza sarien laugarren edizioa egin zen, El Correo eta Banco Sabadellek antolatuta, “Enpresek gure komunitateari egindako ekarpen erabakigarria aitortzeko”. Oraingo honetan, Mondragon Assemblyk “2020ko ETErik onena” saria jaso zuen 40 urte baino gehiagoko enpresa ibilbideagatik eta 2020an Covid-19ari aurre egiteko erakutsitako konpromisoagatik.

Sari hau beste mugarri bat da Mondragon Assemblyrako, izan ere, kooperatibaren ibilbideari balioa ematen dio eta, gainera, azken urtean egin duen lana azpimarratzen du, maskarak egiteko lerro automatikoen proiektua denbora errekorrean garatu baitu.

Edizio honetan saritu ziren, halaber, Viralgen (Novel enpresa) eta Iberdrola (urteko enpresa) enpresen lana eta Faustino upategiko presidente Carmen Martinez Zabalaren enpresa ibilbidea.

Lankidetza eta pandemiari aurre egiteko erreakzio gaitasuna

Proiektua MONDRAGON Korporazioaren bidez hasi zen, korporazioko presidenteak berariaz eskatuta eta gizartearentzako maskarak fabrikatzeko eta hornitzeko irtenbide bat bilatzen saiatuta, hain justu Europan, pandemia zela-eta, ekoizpena ia geldituta zegoen unean. Mondragon Assemblyk azkar ekin zion lerroak fabrikatzeko prozesuari Kunshanen (Txina) duen lantegian.

Eskaera horrekin, eta Korporazioko kooperatiben artean dagoen harreman estuari esker –kasu honetan, Bexen Medical proiektuan funtsezko bazkidearekin eta Cikautxorekin– irtenbide bat aurkitu zitzaion planteatutako eskaerari, epe errekor batean.

Horren ondorioz, zazpi astean Euskadin jada ari ziren fabrikatzen maskarak egiteko lehen lau makinak, eta hamabi astean guztira 18 makina prest zeuden, hilean 60 milioi maskara egiteko ahalmenarekin.

40 urte baino gehiago balio teknologiko handiko automatizazio soluzioak eskaintzen

Mondragon Assembly automatizazioko soluzioak eskaintzen ari da duela 40 urte baino gehiagotik. Merkatuarekin eta bezeroekin duen konpromisoari esker, hainbat herrialdetan ezarri ahal izan da, eta gaur egun, Frantzian, Alemanian, Mexikon, Txinan eta Brasilen dago ezarrita, bere balio kate osoa hartzen duten ekoizpen plantekin, eta MENAn eta Indian, berriz, bulego komertzialekin.

“Azken urteotan izan dugun hazkundeak berresten du estrategian asmatu dugula; izan ere, salmentetan %100 baino gehiago hazi gara azken bost urteetan, 80 milioiko fakturaziora iritsiz eta taldean 450 lanpostu zuzen baino gehiago edukita”, adierazi zuen Eider Lozanok, Kontseilu Errektoreko presidenteorde eta saria jaso zuenak, bere hitzaldian.

Harremanak Newsletter