Albisteak

Hilean 14 milioi maskara ekoitziko dituzten lau makina fabrikatuko ditu Mondragon Assemblyk

30 martxoa, 2020

Mondragon Assemblyk eta Bexen Medicalek beren ezagutzak eta baliabideak elkartuko dituzte, estatu mailan maskara kirurgikoen ekoizpenean laguntzeko.

Duela astebete, Mondragon Assembly Groupeko zuzendari nagusi Luis Mari Imazek eta Bexen Medicaleko zuzendari nagusi Carlos Arsuagak Medikamentuen Espainiako Agentziako zuzendari Maria Jesus Lamas Diazen dei bat jaso zuten. Deiarekin, Espainian ahalik eta denbora gutxien ahalik eta maskara kirurgiko gehien ekoizteko aukera proposatzen zien biei, kanpoko merkatuen mendekotasuna minimizatzeko.

Eta kooperatiba biak batera lan egiten hasi ziren, proiektua gauzatu ahal izateko. Mondragon Assemblyk lerroen muntaketan, fabrikazioan eta automatizazioan duen 40 urte baino gehiagoko esperientzia jarriko du eta Bexen Medicalek ospitaleko materialaren ekoizpenaren gainean duen ezagutza zabal eta sakona. Proiektu honetan inplikatutako pertsona guztien esfortzuari eta konpromisoari esker, denbora errekorrean, proiektuaren zehaztapen guztiak definitu ahal izan dira, eta makinak diseinatzen eta muntatzen hasi.

Luis Mari Imazek berak esan duenez, “osasun larrialdiko proiektu bat da, non Mondragon Assemblyk egiten dakien guztia eta bere pertsonen konpromisoa jartzen baititu erronka horren zerbitzura, koronabirusaren aurkako borrokan bere aletxoa jartzeko asmoz”.

Hilean 14 milioi maskara fabrikatu ditzaketen lau makina

Mondragon Assembly Kunshan, Mondragon Assemblyk Txinan duen filiala, lau makinen diseinua eta fabrikazioa lantzen ari da, eta aurreikusita dago makinak apirilaren erdialdean aterako direla Txinatik. Makinetako bat Gobernurako izango da, eta beste hirurak Bexen Medicalerako, maskara kirurgikoak lehenbailehen ekoizten hasteko.

Proiektua erronka bat da bertan parte hartzen duten pertsonentzat, proiektuaren urgentziagatik, proiektua gauzatzeko dagoen denbora gutxiagatik (4 aste), bai eta osasuneko larrialdi egoeragatik ere, makinen diseinua, fabrikazioa, logistika eta prest jartzeko lanen koordinazioa zaildu baititu.

Harremanak Newsletter