Ekian, Euskadiko eguzki plantarik handiena, martxan dago jada
Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Kreanek gidatu eta bultzatu dute proiektua, eta, urte batean eraikitzen egon ondoren, urtarrilaren 27an inauguratu da.
Iñigo Urkullu lehendakariak EKIAN eguzki parkea inauguratu du, Arasur Industrialdean, bi enpresa sustatzaileen (EEE eta Krean) ordezkariekin eta 26 enpresa inbertitzailerekin batera, enpresa guzti-guztiak euskaldunak izanik. Euskadiko eguzki parke fotovoltaikorik handiena da, eta gure lurraldean gaur arte instalatu den potentziaren bikoitza dauka. Instalazioak 355na watt-eko 67.000 eguzki panel ditu, eta guztira 40.000 MWh inguru ekoitzi ditzake urtean, 15.000 familia inguruk urte batean dituzten premia elektrikoak hornitzeko besteko ekoizpena, alegia.
Inaugurazio ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du industrian eta euskal gizartean bertan ere proiektuak bultzatzeko eta ezartzeko oso errotuta dagoen lankidetzaren kultura. Bere hitzetan, “lankidetza publiko-pribatua, iturri berriztagarrien aprobetxamendua errealitate egiteko, energiaren eredu iraunkorrago baterantz igarotzeko helburuak eta konpromisoak betetzeko ezinbestekoak baitira”.
Era berean, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak eta EKIAN proiektuko zuzendari Asier Etxabek azpimarratu dute enpresa biek elkarlanean aritzeko eta proiektu berriztagarrien garapenerako bide berriak irekitzeko egindako ahalegin irmoa, bai eta 26 enpresa inbertitzaile euskaldunek energia garbien alde egindako apustua ere.
EKIAN eguzki planta fotovoltaikoa “La Lagrima” izena duen 55 hektareako lursail industrial batean kokatuta dago, ARASUR industrialdearen barruan, Arabako Erribera Beitiako udal mugartean. Proiektu aitzindaria da, izan ere, lehenengo aldia da eguzki parke bat instalatutako potentziaren zati baten jabe diren enpresen arteko lankidetza publiko-pribatuaren bidez sustatu dela.
Mondragon Assembly, EKIAN proiektuko inbertitzaileetako bat
Mondragon Korporazioko sei kooperatibak eta azken honek ere parte hartu dute energia modu arduratsuagoan sortzea bultzatu nahi duen proiektuan. Mondragon Assemblyk, zeinak ingurune jasangarriago baten garapenarekin irmoki konprometituta jarraitzen duen, euskal lurraldeko gizartearentzat, oso positibotzat kalifikatu du proiektua.
MONDRAGON Assembly Taldeari buruz
Nazioarte mailako talde bat da, automatizazio eta muntaketa soluzioen garapenean espezializatua. Jada sei ekoizpen lantegi ditu:
Aretxabaletakoa (Gipuzkoa), Taldearen egoitza nagusia baita; Mexikokoa, Frantziakoa, Alemaniakoa, Txinakoa eta Brasilekoa, eta horrez gain filial bat ere badu, Indian. Lana, berriz, hainbat sektoretan egiten du, esaterako eguzki energiaren, automozioaren, etxetresna elektrikoen osagaien, kosmetikoen, gailu medikoen eta osagai elektronikoen sektoreetan.